CAFek, ETSk (Euskal Trenbide Sarea) eta Euskotrenek akordioa lortu dute azken belaunaldiko trenbideko teknologiaren garapenean eta ezarpenean elkarrekin lan egiteko. Hasiera batean teknologia hori Euskadin ezarriko da, ondoren nazioartera zabaltzeko.
Ekitaldi ofiziala Irunen dauden Arasoko kotxetegietan egin zen, eta bertan, beste batzuen artean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak, Andres Arizkorreta CAFeko presidenteak, Imanol Leza Euskotreneko zuzendari nagusiak, Andrés Arizkorreta CAFeko presidenteak, Aitor Garitano ETSko zuzendari nagusiak eta Iñigo Balda CAF Signalling-eko zuzendari nagusiak hartu zuten parte.
Aurrera eraman beharreko proiektuetako bat, Bilboko Metroaren 3. linearako segurtasun eta kontrol sistema adimenduna (CBTC) da. Horrek aurrerapen teknologiko garrantzitsua ekarriko du, linearen segurtasunean eta prestazioetan islatuko dena, eta baita gidaritza eraginkorrean, seinaleztapen optimizatuan eta energia aurrezpenean ere. Azpimarratu beharreko puntu bat, sistema honen eta seinaleztapenerako estandar europarraren (ERTMS) arteko bateragarritasuna da. EBko lehentasunezko trenbide igarobideetan baldintza espezifikoa da azken horren ezarpena. Sistema hau Bilboko Metroaren 3. linean garatzen den arren, Donostiako TOPOra hedatzeko aukera ere planteatzen da, bertako lanak amaitu eta gero.
“Mantentze-lan prediktiboaren patroien azterlana” da Euskotren eta CAF lantzen ari diren eta aurkeztu den beste proiektuaren izena. Sektore horretan Internet eta Big data erabiltzean oinarritzen da, hau da, adituek adierazi duten bezala, “automatizazio maila altua duen tren batean sortzen den datu kopuru handia erabiltzeko eta kontrolatzeko eta mantentze-lanetako patroiak hautemateko gai izatea, helburu gisa trenen operatibitatea hobetzea duten prebentziozko arauak aplikatuz”.
Datu horiek jasotzeko eta biltzeko aukerari esker, prebentziozko mantentze-lanak lor daitezke, arazo larriagoak gertatu aurretik mantentze-lanak edo piezen aldaketa egiteko aukera ematen duen aurrerapenez hautematen baitira arazoak.
Proiektu horiek sozietate publikoen eta enpresa pribatuen artean lankidetza akordioak sustatzeko politikaren hasiera baino ez dira, hainbat gairi buruzko I+G proiektuak garatzeko. Gai horietako batzuk Europar Batasunean trenbide sistema garatzeko Europar Batzordearen Shift2rail eta Horizon2020 ekimenen barruan daude.