Berriak

CAF taldeari esleitu diote Tel Aviveko tranbiako purple line linearen proiektua

CAF Taldeak eta Saphir eraikuntza-taldeak osatutako kontsortzioa aukeratu du NTAk (Metropolitan Mass Transit Systems) Tel Aviveko tren arinaren Purple Line linearen proiektuaren esleipenduna izan dadin.

NTA enpresa arduratzen da Tel Aviveko metropoli eremuko mugikortasun-beharrei aurre egiteko beharrezko soluzioak garatzeaz. Gaur egun, Gush Dan eremuko garraio publikoko sistema nagusia eraikitzen ari dira. Israelen sekula gauzatutako garraio-proiektu handiena da, duen bolumenagatik eta zailtasunagatik.

Purple Line proiektua Israelgo metropolirako plan handinahi horren baitan dago, eta hiriko tren arinaren sistemako linea diseinatzea, eraikitzea, finantzatzea eta 25 urteko epean mantentzea biltzen du. Inbertsioaren gutxi gorabeherako bolumena 1.015 milioi euro baino gehiagokoa da.

Linea berria 27 kilometro luze izango da. Kilometro horietan zehar banatuko dira planifikatuta dauden 45 geltokiak, baita ibilgailuen flota mantentzeko lanak egingo diren depositua ere. Zehazki, Purple Line Tel Aviv erdiguneko 2000 Terminalek aterako da, Arolozorov tren-geltoki albotik, eta metropoli eremuko ekialdea hirigunearekin lotzea izango du helburu. Amaierako zatian bi adarretan zatituko da: Bar Ilan Unibertsitateen eremura iritsiko da bat, eta ondoko Yehud-Monoson hirira bestea.

Kontratuak, linea bera eraikitzeaz gain, zoru baxuko 98 Urbos tranbia berri diseinatzea eta hornitzea ere biltzen du. Tranbia horiek ia 35 metro luze izango dira eta bakoitzak 5 modulu izango ditu. Horrez gain, proiektuak etorkizunean beste 32 unitate gehiago egiteko aukera ere biltzen du. Era berean, aukeratutako kontsortzioak seinaleztapeneko, energiako eta komunikazioetako sistemak hornitu eta linea 25 urtez mantentzeko lanak ere egingo ditu.

Gutxi gorabeherako zenbatekoari dagokionez, CAF Taldeari dagokion proiektuaren zatia 525 milioi euro baino gehiagokoa da, eta unitate berrien diseinua eta fabrikazioa, seinaleztapeneko, energiako eta komunikazioetako sistemak hornitzea eta proiektua integratzea biltzen du. Horri, gainera, SPV sozietatean duen % 50eko partaidetza gehitu behar zaio, hark kudeatuko baitu linearen mantentze-lana. Linea berria 2027. urtean guztiz operatibo egotea aurrez ikusi da. Horri esker, Tel Aviveko metropoli eremuak biztanle guztien garraiorako tren-sare modernoenetakoa eta eraginkorrenetakoa izango du.

Proiektu integralekiko CAF taldearen apustua

 Gaur egun, trengintza-merkatuan lizitatzen diren proiektu askok unitateak hornitzea baino irismen handiagoa jasotzen du. Gainera, proiektu-tipologia hori haziko da gehien datozen urteetan, UNIFEk (Tren Fabrikatzaileen Europako Elkartea) argitaratutako azken aurreikuspenen arabera.

Proiektu integralak edo giltza eskura izeneko proiektuak dira, jarduera kopuru zabalagoa biltzen duten sistema konplexuak, horien artean, diseinuarekin, eraikuntzarekin eta sistemak abian jartzearekin lotutakoak (D&B- Design & Build). Lan horiei, gainera, beste lan batzuen hornikuntza gehitu behar zaie: lotutako azpiegituraren zati bat edo osoa (obra zibila, azpiestazioak, telekomunikazioak, seinaleztapena, txartelak eta abar), eta lotutako material gurpilduna, esate baterako. Edonola ere, ez da ahaztu behar batzuetan proiektu horiek ondorengo fase bat ere izan ohi dutela, sistemaren eragiketa nahiz hornitutako ibilgailuen mantentze-lana jasotzen duena (O&M- Operate & Maintain). Horri guztiari, gainera, bezeroak hala nahi izanez gero, ahal diren egituratze forma ugarien bidez proiektua finantzatzeko irtenbideak gehitu behar zaizkio. Kasu guztietan, CAFek proiektuko azpisistema guztien integrazioa eta bateragarritasuna bermatzen du.

Azken urteotan, CAF Taldeak, trenen sektorean duen ezagutzan eta esperientzian oinarrituta, tren-proiektu kopuru handia garatu du, hain zuzen ere, gaitasun teknologiko handiaz gain, ezarpenerako soluzio-eskaintza zabala eskaintzeko aukera izatea eskatzen duten proiektuak.

Horien artean aipa daitezke Mexiko Hiriko hiri ingurukoa, Toluca eta Mexikoko hiriburua lotzen dituen hiriarteko tren-proiektua; Taiwango Kaohsiung hirirako tranbia-sistema; Parramattako tren arina; eta NSW eskualdeko trenen proiektua (biak Australiako Hegoaldeko Gales Berria estaturako), edo Belgikako Lieja hirirako lehen tranbia-linea eraikitzeko proiektua. Horiek guztiak munduko leku ugaritan garatu dira, eta horrek erakusten du, lehen aipatu dugun moduan, proiektu mota horiek arrakastaz egiteko CAF Taldeak duen gaitasuna.

Compartir: