Berriak

CAF SIGNALLING FILIALAK TREN-TEKNOLOGIA SUSTATU DU SHIFT2RAIL EKIMENEAN PARTE HARTUZ

Shift2Rail ekimenaren barnean Europan tren-sistemen ahalmena eta errendimendua hobetzera bideratutako seinaleztapen- eta kontrol-sistemak garatu ditu enpresak.

CAF Signalling konpainiak Shift2RAIL izeneko proiektu europarrean parte hartu du. Ikerketa eta garapenerako ekimen horren bidez, Europan mugikortasunarekin lotuta dauden beharrizanei erantzuna emateaz gain, trenaren erabilera areagotu nahi da garraiobide modura. Halaber, sektore horretan Europako industriak mundu mailan duen lidergoa mantendu nahi da.

 

CAF Signalling, I+G arloari ekarpena eginez seinaleztapen-sistemetan

CAF Signalling konpainiak Berrikuntza Programa 2 (IP2) izenekoan parte hartzen du. Programa horren xedea tren-garraioko sistemen ahalmena eta errendimendua hobetzera bideratutako seinaleztapen- eta kontrol-sistema berriak garatzea da. Talde horretan, konpainiako adituek Europa mailan sektorean nabarmentzen diren beste enpresa eta erakunde batzuetako kideekin batera lan egiten dute, orpoz orpo.

Enpresak ERTMS sistemaren garapenean baitaratutako esperientzia eskaintzen du. Sistema hori Europako Batzordearen eta tren-industriaren arteko aurretiko ekimen baten ondorio da eta, berari esker, tren-trafikoa kontrolatu eta kudeatzeko estandar barne-eragingarri bat sortzea lortu da historian lehen aldiz.

CAF Signalling konpainiarentzat Shift2RAIL ekimeneko lantaldean sartzea trena eta trenaren teknologiak sustatzeko eginahalean protagonismoa hartzeko aukera da.

 

Shift2RAIL: Europako apusturik handiena tren-garraioari dagokionez

Shift2Rail Europako Batzordeak eta tren-industriak orain arte abiatutako ekimen asmo handieneko da. Horizonte 2020 Programan barneratzen da proiektua eta 920 M euroko aurrekontua du.

Programak erronka zaila du aurretik, hain zuzen, trenaren erabilera areagotzea beste garraio mota batzuen aurrean. Horretarako, trena erabiltzaileentzat erakargarriagoa izatea lortu nahi da, ahalmena, puntualtasuna, energia-efizientzia eta ekonomia nabarmen hobetuz.

Shift2RAIL ekimenean 5 Berrikuntza Programa (IP) barneratzen dira, bost eremu estrategikotan ardaztuak: material ibiltaria, trafikoa kontrolatu eta kudeatzeko sistemak, azpiegitura, informazioaren teknologiak eta merkantzien garraioa.

Zehazki esatera, IP2 Programan trafikoa kontrolatu eta kudeatzeko sistemak lantzen dira. Hala, programa horretako agendan, besteak beste, hurrengoetara bideratutako teknologia berrien estandarizazioa jasotzen da: kantonamendu mugikorra, trenen operazio automatikoa (ATO), irrati bidezko IP komunikazioak nahiz satelite bidezko komunikazioak; hori guztiori, egun indarrean den ERTMS sistemarekin modu bateragarrian eta barne-eragingarrian.

Helburu orokor modura, eremu horietan guztietan Europan trenak egun duen ahalmena bikoizteko teknologia eta soluzio berriak txertatu nahi dira, zerbitzuaren kalitatea % 50ean hobetzeaz gain. Gainera, bizi-zikloaren kostua % 50 murriztu nahi da tren-sistema lehiakorragoa izatea lortze aldera.

Compartir:

Utzi erantzuna